01
Kaixo Mundua
PUNTUEUS eta Euskaltel Fundazioa: euskarazko nortasun digitala sustatzen

Mundu digitala ziztu bizian ari da aurrera egiten, eta funtsezkoa da euskarak ingurune horretan leku esanguratsua izango duela ziurtatzea, etorkizunean haren presentzia gorde eta indartzeko. Testuinguru horretan, PUNTUEUS Fundazioak eta Euskaltel Fundazioak indarrak batu dituzte Kaixo Mundua proiektua bultzatzeko. Hezkuntza-proiektu bat da Kaixo Mundua, eskola-komunitatean gaitasun digitalak bultzatzen dituena eta euskarazko nortasun digitala indartzen duena.
PUNTUEUS irabazi-asmorik gabeko erakunde bat da, segurtasun digitala bermatzeko eta Interneten euskararen erabilera sustatzeko lan egiten duena. Funtsezkoa da haren jarduna euskarak eta euskal kulturak, onlineko presentzia izateaz gainera, merezi duten lekua har dezaten eremu digitalean. Euskaltel Fundazioarekin daukan lankidetzari esker, ikasgeletara eraman da konpromiso hori, ikasleentzako proposamen praktiko eta motibatzaile batekin.
Programaren bidez, ikasleek benetako proiektuetarako web-orriak sortzen ikasten dute, eta, hala, gaitasun teknologikoak, sormenezkoak eta mundu errealarekin komunikatzekoak garatzen dituzte. Programazioaz harago, autonomia digitala, pentsamendu kritikoa eta taldean lan egiteko gaitasuna sustatzen ditu Kaixo Munduak, guztiak ere funtsezko trebetasunak gaur egungo ingurune digitalean.

Kontua ez da soilik programatzen ikastea, baizik eta ingurune digital segurua, fidagarria eta euskarazkoa eraikitzea. Gaitasun teknikoak eskuratzeaz gain, eduki digitala beren hizkuntzan sortzen laguntzen dute parte-hartzaileek, eta sareko identitate kulturala indartzen dute horrela.
Helburuak
Kaixo Mundua urrats bat da euskarazko espazio digital bat sendotzeko bidean, non gazteek hitz egiteko eta sortzeko aukera baitute, bai eta onlineko komunitatea aktiboki indartzeko ere.
02
03
04
05
06