Share Proiektua

Euskaltel Fundazioa eta HETEL: Lanbide Heziketa sektore teknologikoarekin eta benetako gaitasunen garapenarekin konektatzen duen lankidetza

HETEL irabazi-asmorik gabeko elkarte bat da, Euskadiko Lanbide Heziketako 33 ikastetxe biltzen dituena. 1987az geroztik, LH aukera-motor benetako bat izan dadin dihardu lanean; berrikuntzaren eta enpresekin lankidetzan aritzearen alde egiten du, ikasleak sektorearen errealitatearekin bat datorren prestakuntzarekin irits daitezen lan-mundura. 

Bide horretan, funtsezko zeregina betetzen du Euskaltel Fundazioak, LH sektore teknologikoaren beharrekin lotzen baitu. Kontua ez da teoria soilik ikastea, baizik eta gaitasunak testuinguru errealetan garatzea. Telekomunikazioetan, ziztu bizian ari dira eboluzionatzen sareak, informazio-sistemak eta berrikuntza teknologikoa, eta, lankidetza horri esker, merkatuak une bakoitzean benetan zer behar duen dakite ikasleek. Horrela sortu da SHARE PROIEKTUA, zeinak erronka eta esperientzia errealetan oinarritutako ikaskuntzaren alde egiten baitu.

Proiektu honetan, Telekomunikazio eta Informatika Sistemak zikloko ikasleek ez dute sareei buruzko prestakuntza teoriko soila jasotzen; horretaz gainera, benetako erronka bati egin behar diote aurre: LH Dualeko egonaldia egiten duten enpresaren barruko prozesu bat digitalizatu eta harentzat azpiegitura teknologiko bat garatu behar dute, egoitza ugariko enpresa batean arituko balira bezala. Baina ez daude bakarrik erronka horretan; Euskaltel Fundazioaren babesa dute, zeinak, orientazio teknikoa emateaz gain, sektorearen funtzionamenduaren berri ere ematen baitie, ikuspegi praktiko eta estrategikoa baliatuta.
 

Lanbide Heziketak aurrera egiten du, eta berarekin batera, baita aukerek ere. SHARE PROIEKTUAK ikaskuntza eta sektore teknologikoaren errealitatea lotzen ditu, eta, hala, etorkizuneko erronkei aurre egiteko prestatzen ditu ikasleak.

Helburuak

SHARE proiektuak erakusten du nola alda dezakeen LH hezkuntza-erakundeen eta enpresen arteko lankidetzak, ikasleei esperientzia probetxugarriak eskainiz eta etorkizun profesional arrakastatsu baterako prestatuz. Kontua ez da soilik kableak konektatzen edo zerbitzariak konfiguratzen jakitea. Lan-merkatuan garrantzitsuak diren trebetasunak lantzen dira hemen.

01

Teoriatik praktikara: Ezagutza teknikoak aplikatzea egoera errealetan, zerbitzariak instalatuz eta konfiguratuz enpresa-ingurune simulatu batean.

02

Talde-lana: Mundu digitala kolaboratiboa baita. Ikasleek, taldeka, sare korporatiboak diseinatzen eta kudeatzen dituzte, benetako enpresa batean egingo luketen bezala.

03

Lan-mundurako jauzia: Enpresek telekomunikazioetan eta eraldaketa digitalean benetan bilatzen dutenerako prestatzen ditu ikasleak proiektu honek.

04

Berrikuntza % 100: Hemen ez dago soluzio prefabrikaturik. Pentsamendu kritikoa, sormena eta arazoen konponketa sustatzen dira, erronka praktikoen eta teknologikoen bidez.

05

LHren eta enpresaren arteko zubia: Euskaltel Fundazioak sektorearen ezagutza eta ikuspegia ematen ditu, eta ikasleak gidatzen ditu ikaskuntza-prozesua errealistagoa eta erabilgarriagoa izan dadin enpresa baten egunerokoan.