Gladys saria

Prestakuntza ematea garrantzitsua da, eta, horretarako, inspiratzen ere jakin behar da.

Erronka ez da soilik talentu gaztea erakartzea: talentu hori askotarikoa dela bermatzea ere bada. Mundu digitalaren potentziala aprobetxatzeko, ezinbestekoa da pertsona guzti-guztiek, bereizketarik gabe, etorkizuna eraikitzen imajinatu ahal izatea beren burua.

STEM arloko bokazioak sustatzea lehentasunezko ardatza da, eta izango da, Fundazioarentzat, arreta berezia eskainita emakumeak eta neskak esparru zientifikoan ahalduntzeari.

EAEn, azken urteotan, handitu egin da zientzietan, ingeniaritzetan eta arkitekturan ikasketak amaitzen dituzten 35 urtetik beherakoen kopurua —2.153 ziren 2015ean, eta 2.580, berriz, 2021ean—, baina haietako heren bat baino ez dira emakumeak. Ez da anekdota hutsa: joera da. Lanbide Heziketan, gizonak dira nagusi oraindik ere STEM titulazioetan; emakume gehienak, berriz, oro har zaintzarekin lotutako arloetan daude, hau da, enplegagarritasunerako eta garapen profesionalerako potentzial handia duten sektoreetatik urrun. Errealitate horren aurrean, batzea ez da nahikoa: desorekak zuzendu behar dira.

Fundazioak areagotu egiten du zientziaren eta teknologiaren arloan genero-ekitatea bultzatzeko duen konpromisoa, eta emakumezkoen parte-hartzea sustatzeko, txikitatik inspiratzeko, erreferenteak ikusarazteko eta gune seguru eta motibatzaileak sortzeko programen alde egiten du. 

Etorkizuna, talentua bezala, askotarikoa da. Eta ahots, ideia eta bide guztiei ateak irekitzen dizkiegunean baino ez dugu ikusten benetan zer izan daitekeen etorkizuna.

Helburuak:

01

STEM bokazioak piztea funtsezkoa da gure gizartearen etorkizunerako, bai eta arrakala horiek ixteko benetako aukera ere.

02

Gure konpromisoa irmoa da: neska eta emakume gazteak inspiratzea, eta ikusaraztea beren talentuak, sormenak eta ikuspegiak lekua dutela mundu honetan. Lider izateko, sortzeko eta eraldatzeko leku bat.

03

Neska eta emakume gazteentzat berariaz diseinaturiko ekimenen bidez, eta beren esperientzia gertutik partekatzen duten emakume erreferenteen babesarekin, lanean dihardugu oztopoak eraisteko, jakin-mina lantzeko eta erakusteko begirada guztiak behar dituela berrikuntzak.